top of page

-Agate Deuna tximisten, suteen eta sumendien kalteak ekiditeko aipatzen da.

-Bularretako gaitzak, erditze zailak eta edoskitzearekin (bularra ematea) arazoak direnean ere, jendeak beregana jo ohi du. 

-Orokorrean emakumeen zaindari eta erizainen patroia.

agate.png
AGATE OHITURAK
00:00 / 01:56

Nondik dator eskean ibiltzeko ohitura?

​

Eske-erronda Agate Deunaren bezperan egiten da. Bere bizitza koplatan abestuz makilaren laguntzaz.

​

Santa Ageda eguna neska-mutilen arteko festa izaten zen ere garai batean. Egun hori aukeratzen zuten bikote askok elkarren arteko deklarazioak egiteko.

Gazteek eskean janariak jasotzen zituzten: lukainkak, arrautzak... 

Neskek afaritara piper opilak, intxaurrak eta gisakoak eramaten zituzten eta gero afaria ospatzen zen.

agatedeuna2.jpg

Garai batean egurrik estimatuena HURRITZA zen. Hurritza “taldean” hazten dela dirudi, behertik gora eta enbor nagusi bat Gabe. Egur estimatua arina eta gogorra delako eta akuilatzeko ere erabiltzen da.

urritza.jpg

KONDAIRAK

Hainbat mendez Agate Deunari dei egin zaio bularretako gaixotasunak sendatze aldera. Ez da harritzekoa inude eta galdatzaileen zaindaria izatea. Suaren eta erreduren aurkako babesa eskatzen zaio eta emakumeek bularretako gaitzen aurkakoa.

Santu hori oso ospetsua izan da Euskal Herrian; horren erakusgarri dira haren omenez eraikitako ermita ugariak.

Gurutze Arregik jaso zuenez, bularretan arazoak zituzten edo esne gutxi zuten Bizkaiko emakumeek Dimako Agate Deunaren ermitara joaten ziren. Gerriko minak izaten zituzten gizonezkoak ere hara joaten ziren babes eske.

​

Halaber, Bidanian (Gipuzkoa) emakumeak bertako Agate Deunaren ermitara joan ohi ziren, erditze ona eta bularretako gaitzen aurkako babesa eskatuz. Era berean, Soraluzeko Agate Deunaren ermitara (Gipuzkoa) joaten ziren beren haurrei bularra emateko arazoak zituzten amak. Otoitz egin, kandela piztu eta zegokion limosna uzten zuten.

​

Antzuolako Agate Deunaren ermita oso estimatua da garatxoak sendatzeko ahalmena dela medio. Horretarako, ermita askotan ohikoa den prozedura bat jarraitzen da, hots, txanpon batekin garatxoa igurtzi eta, ondoren, txanpon hori limosna modura utzi, otoitza egin aurretik.

​

On Joxe Migel Barandiaranek kontatzen zuenez, Alonsotegiko (Bizkaia) Agate Deunaren ermitan santu hori irudikatzen zuen marmol zuriko irudi bat zegoen, burua gorputz-enborretik bereizia zuena. Buruko mina pairatzen zutenak sakristiaren ate batetik sartzen ziren, santuaren burua eskuetan hartu eta beste atetik irteten ziren. Hori hiru aldiz jarraian eginez sendatu egiten ziren.

Resurreccion Maria de Azkuek elezahar hau jaso zuen Barkoxe herrian (Zuberoa):

"Agate Deunaren eguna izan arren, etxekoandreak labea jarri zuen. Katu batek ogi-orearen zati bat jan zion.

- Kendu hortik, katua -esan zuen berak-, eta orduan Agate Deunak bere erantzuna bota zuen:

"Ez naiz katua, bai aldiz Agate Deuna (Ageda), eta atzera begiratu zuen eta, gero etxea sutan zetzala ikusi zuen. Horregatik, Agate Deuna egunez hemen ez zen laberik ipintzen eta, garbiketarik ere ez zen egiten"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik)

Urzainkin (Nafarroa), ahuntza bere baratzean azak jaten harrapatu zuen gizonari gertatutakoa kontatzen zen. Makila batekin astintzeko gerturatu zenean ahuntza zutik jarri eta Agate Deuna zela esan zion.

Oraindik orain herri askotan, egun horren bezperan ezkilak sutsuki eta luze jotzen dira, beste edozein jaiegunetan baino nabarmenago.

Mariano Estornes Lasak argitaratu zuenez, Izaban, Erronkariko bailaran (Nafarroa), mutikoek ezkilak jo eta kalez kale ibiltzen ziren eskean, zera oihukatuz: "Agate Deuna harroa eta iharra". Egileak dioenez, oihu horrekin ezkilen soinua antzeratzen zuten.

​

Arabako zenbait lekutan neskek arratsaldeko ordu bietatik lauetara jotzen zituzten ezkilak eta mutikoek iluntzeko zazpietatik zortzietara eta gaueko hamaiketatik gauerdira arte.

​

Azkenik, Estornesen arabera, 1933an, artean, Ablitasen (Nafarroa) sutzar txiki bat pizten zen kanpandorrean. Ez da harritzeko kontua, izan ere, guk jakin dugunez, beste leku batzuetan ezkilak jotzeaz arduratzen ziren mutilek gaztainak erre ohi zituzten kanpandorrean bertan. Dirudienez, hori eginda udako ekaitzak baretzea lortzen zuten.

​

Berriro Resurreccion Maria de Azkue hartuz, Bizkaian Agate Deunaren bezperan parrokia eta ermitetako ezkilak jotzen zirela kontatzen zuen, ilunabarrean hasi eta gauerdira bitartean. Eta, itxura batean, egun horretan (otsailak 4) eskale-multzoak "ibiltzen dira auzo guztietan etxez etxe, ezkilak jotzeaz arduratzen direnentzat dirua jasotzeko".

Antzinako eskeetan eskaleek elikagaiak jasotzen zituzten: arrautzak, lukainkak, etab. Ondoren, askari edo afari legea eginez jaten zuten guztia. Zenbaitetan, neskatoak gonbidatzen zituzten askari edo afari horietara.

Kripanen (Araba) mutilak kapaz jantzita joaten ziren mezara eta egun horretarako alkatea izendatzen zuten eta, baita aguazilak ere.

bottom of page